Auzozaintza egitasmoan parte hartzen dutenen osasuna nabarmen hobetu dela frogatu du EHUko ikertzaile talde batek

Zaintza

Hernaniko Udalak eskatuta, osasun adituek aztertu dute egitasmo horretan parte hartzen ari diren adinekoen bilakaera, eta emaitzen berri eman dute gaur, udal ordezkariekin batera
Hautatu gabeko bakardade egoera hauskorrean diren adinekoei begira Hernani Burujabek martxan jarritako Auzozaintza programak erabiltzaileen artean izandako osasun onurak agerian utzi ditu EHUko ikertzaile talde batek. Hernaniko Udalak Euskal Herriko Unibertsitateko SILO-Sektoreetako eta osasun komunitarioko ikerketa taldearekin hitzarmen bat sinatu zuen iaz, Auzozaintzak adineko erabiltzaileengan duen osasun eragina modu zientifiko batean aztertzeko. Horrez gain, ikerketak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza ere jaso du. Dagoeneko lehen emaitzak dituzte eskura ikertzaileek, eta gaur aurkeztu dituzte, Hernaniko Udalarekin batera egindako agerraldian.

EHUko ikertzaile Amaia Maquibarrek adierazi duenez, programan parte hartu dutenen osasunaren bilakaera neurtu ahal izan dute, zenbait alderditan izandako aldaketak neurtuz. “Zentzu horretan, programan sei hilabetez parte hartu ondoren, bakardade-sentimendua nabarmen jaitsi zela eta parte-hartzaileen osasun mentala ere nabarmen hobetu zela ikusi genuen”. Bakardadea UCLA eskalaren bidez ebaluatu da eta eskala horretako puntuazio osoaren batazbestekoa 32,5 izatetik, 28 asteren ondoren, 29ra jaistea lortu da. Buru Osasunaren adierazleak aztertzeko Goldbergen eskala erabili dute eta antsietatea eta depresioaren murrizketa nabarmena izan da. Zehazki, antsietate-azpieskalan, zortzi parte-hartzailek antsietatea adierazten zuten hasieran (%40,0), eta amaieran, lauk baino ez (%20,0). Depresioaren azpieskalan, bestalde, hobekuntza nabaria ikusi da: depresioarekin bateragarria den puntuazioa zuten zazpi emakumetik (%35,0) hirura (%15,0) jaitsi baita.

Gainera, jasotako datuek parte-hartzaileek hautemandako osasun egoera oro har hobetu egin dela adierazten dute eta horrek bat egiten du lehen mailako arretako kontsultetara egindako bisiten apaltzearekin. Lehen mailako arretako kontsultei dagokienez, haieran hamabi parte-hartzaileek osasun-zentrora 0-1 aldiz joan zirela adierazi zuten, lau parte-hartzailek 2-3 aldiz, bik 4-5 aldiz, eta beste bik 8-10 aldiz joan zirela adierazi zuten. Bigarren neurketan, hamalau parte-hartzaile 0-1 aldiz, bost parte-hartzaile 2-3 aldiz, eta parte-hartzaile bakarra 4-5 aldiz joan zen kontsultara. Beraz, %5 eta %15 arteko mediku hitzordu gutxiago erabili zituzten”.
Zenbakietatik harago ere neurtu nahi izan dute Auzozaintza programaren eragina erabiltzaileengan. Horretarako, parte hartzaileekin talde elkarrizketak egin dituzte.

“Horrela ikusi dugu, adibidez, Auzozaintzan parte hartzean, bizitza hobera aldatu diela sentitzen dutela emakumeek, eta hala diotela ere haien senideek zein lehen mailako arretako mediku eta espezialistek”.

Modu honetan laburtu dute hori ikertzaileek: “Auzozaintzako ekintzetara joatea etxetik irteteko arrazoi bat da, batzuentzat, ia arrazoi bakarra esku-hartzearen hasieran. Gainera, programan parte-hartzeak agenda propioa eta lehentasunezkoa izatea ahalbidetzen die. Hori garrantzitsua da, batez ere, besteen zaintzak markatu dituen bizi-agendak izandako emakumeentzat. Bestalde, emakumeek oso ondo baloratzen zuten, beste jardueretan ez bezala, Auzozaintzan ez dutela aldez aurretik planifikatutako eduki zehatzik. Beraz partaideek beraiek erabaki eta antolatzen dute egitekoa. Horren ondorioz, taldean aktiboki parte hartzen dute”.

Baina erabiltzaileentzat ez ezik, auzoarentzat ere onurak dakartza Auzozaintzak, gizarte kohesioa hobetu dela ikusi dutelako. Alegia, emakumeak, programaren onuradun izatetik, euren auzoetako osasun aktiboak izatera igaro dira. “Aurkitu ditugun emaitza positibo hauek oso garrantzitsuak dira osasunaren sustapenaren esparruan. Izan ere, osasuna mantendu eta hobetzeko baldintzak aztertzen ditugunean, sare sozialak dira (ez birtualak, benetakoak eta aurrez-aurrekoak) gaixotasunaren aurrean babes-faktore garrantzitsuenetako bat, eta ongizate handia ematen digun elementu bat”. Horren ebidentzia zientifiko gero eta gehiago daudela nabarmen dute ikertzaileek. Orain arteko emaitza horiek etorkizunean ikertzen jarraitu behar dutela diote EHUko ikertzaileek. Udala ere prest dago hitzarmenarekin aurrera jarraitzeko.
Ikertzaileek aitzindaritzat jo dute Auzozaintza, ez baita laborategi batean sortutako programa bat, Hernanin, udalaren eta eragileen arte askotan diseinatu baita. Programak malgutasuna du auzo berrietara zabaltzeko, eta hori ere garrantzitsutzat jo dute.

Zaintza, udalaren apustu politikoa
Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak, gogoratu du “Hernani zaintzen duen herria izatea” dela udalaren apustua, eta hori ahalbidetzeko aurrekontua bideratu eta egitasmoak jartzea da bidea. “Horretan ari gara, eta horietako bat da Auzozaintza”.
Lertxundik gogoratu du, 2021ean, Hernani Burujabe abiatu zenean, herriaren garapenaz gogoeta egitean garbi izan zutela “sektore estrategikoetako bat” zaintzarena zela. “Bizi esperantza handitzen ari den heinean eta populazioa zahartzen, herri guztien erronka bihurtu da zaintza beharrei aurre egitea”.
2022an hasi zen Hernani Burujabe Auzozaintza programa diseinatzen, eta une honetan Hernaniko auzo gehienetara zabalduta dago. Guztira, hautatu gabeko bakardade hauskorrean ziren 237 pertsonarekin ari da lanean Auzozaintza. Oihane Zabaleta Zerbitzu Sozialetako zuzendariak azaldu duenez, “Auzozaintza egitasmoa, prebentzio ikuspegi batetik, iraupen luzeko zaintzen gaineko analisian oinarrituta dago: autonomia funtzionalari, mendekotasunari eta bakardadeari aurre egiteko kalitatezko arreta sustatzea, zainduaren duintasuna aintzat hartzea eta zaintzailearen bizi eta lan baldintzak erdigunean ezartzea dira haren lan tresnak”.

Egitasmoaren helburu nagusia parte-hartzaileen autonomia eta bizi-kalitatea zaintzea eta sustatzea denez, hainbat metodologia eta tresna konbinatzen ditugu horretarako. Izan ere, zaintza-lanak politika guztien ardatz behar lukeela izan uste du Hernaniko Udalak, arlo guztiei eragiten baitie. “Horregatik, Auzozaintzak proposatzen duen gobernantza-eredua nabarmendu behar da; sistema publikoen arteko koordinazioa sustatzen baitu eta komunitatea aktibatzea bilatzen baitu”, azpimarratu du Zabaletak.

Era berean, inklusio soziolaboralerako lan-lerro bat da programa, zaintzaren esparruan modu prekarizatuan lan egiten duten emakume arrazializatuentzako inklusio soziolaboraleko zirkuitu bat eskaintzen baitzaie, enplegagarritasun eta profesionalizazio-maila hobetzeko.

Ikuspegi komunitarioa

Zabaletak nabarmendu du Auzozaintza egitasmoaren izaera publiko-komuntarioa, eta hori, zerbitzu sozialen ikuspegitik, erronka bat bihurtzen du egitasmoa zaintza estrategiaren baitan “prozesu integral bat” lortzeari dagokionez. “Oso zaila litzateke bakardadea bezalako arazo konplexuei erantzutea osasun sistematik edo zerbitzu sozialetatik bakarrik”. Hor hartzen du garrantzia, hain zuzen ere, programaren izaera komuntarioak, tokian toki egokitzeko malgutasuna eta sektoreen arteko elkarlana eskatzen baititu. Lertxundi alkateak ere nabarmendu du izaera publiko-komunitarioa: “Zaintza herritar guztien eskubidea da, eta eskubide hori modu publikoan ez ezik, modu komunitarioan ere bermatu behar dela uste dugu”.

Halaber, irakasgai bat ere izaten ari da udalarentzat Auzozaintza programa: “lankidetzaren emaitzek baieztatzen dute pertsonen bizitzak zaindu eta gizarte osasuntsuak eraikitzea gizarte osoaren zeregina dela eta entitate eta eremu anitzen arteko harreman horizontal eta kontraktualean hitzartu behar dela (udaleko, osasun-zentroko, zerbitzu sozialen, berdintasun eta adinekoen adituen, Aldundiko eta komunitatearen artean)”.