Datorren urteari begira, Auzozaintza programa Hernani hiriguneko auzo guztietara zabaltzeko asmoa du zaintza sektoreak. Gerora, landa gunera ere zabaltzeko beharra ikusten dute, baina “horretara moldatutako baldintzekin”.
Hautatu gabeko bakardade egoera hauskorrean diren adinekoei begira Hernani Burujabek martxan jarritako programa da Auzozaintza. Dagoeneko 84 pertsonekin egiten dute lan, taldetan zein indibidualki, Hernaniko zortzi auzo baino gehiagotan.
2022an jarri zen martxan, eta emaitza positiboak eman ditu. EHUko ikerketa talde batek programan sei hilabetez parte hartu ostean, adierazi zuten bakardade-sentimendua nabarmen jaitsi zela eta parte hartzaileen osasun mentala ere nabarmen hobetu zela.
Hernaniko Udalak unibertsitatearekin hitzarmena egina du beste ikerketa bat aurrera eramateko: aurrekoan, egiaztatu zuten parte hartzaileei onura egiten diela, baina aurrerago ikertu asmo dute zein eragin duen auzoko dinamiketan.
Auzozaintzaren oinarria da zaintza komunitarioa sustatzea, eta, hala, Hernani “zaintzen duen herria” izatea. Horregatik, instituzioek programa hedatzeko baliabideak eman arren, beren helburua da auzoetan elkar zaintzeko dinamikak barneratzea. Horretan datza auzozainaren figurak: euren papera adinekoen eta auzoaren arteko zubia izatea da.
Antolatzaileen esanetan, jendea horretarako prest dago, baina ereduak ematea falta da eta ikustaraztea modu askotara lagundu dezaketela.
Bestetik, aurten Eltzeko egitasmoa abian jarri dute, erreferentzia moduan hartuta Argentinan 2001eko krisian jendeari jaten emateko antolatu ziren emakumeak. Kasu honetan, helburu izan dute bizilagunen arteko topaketak sustatu eta elkar topatzeko espazio bat eskaintzea. Eltzekadek antolatzaileen espektatibak gainditu dituzte: “Bere txikitasunean pauso kualitatibo bat ematen lagundu dute”. Aurrera begirako, uda baino lehen plangintza bat antolatuta utzi dute Eltzeko taldeko kideek.
Udala, bestetik, etxez etxeko zerbitzuari begira dago gehienbat: “Erronka berdinekin gabiltza, baina pausoak ematen”. Ezarrita dagoen eredu “zurrunean” esku hartzen saiatzen ari direla aipatu dute: “Publifikaziorako bidean traba asko topatu ditugu”.
Besteak beste, Hernaniko familiekin etxeko zaintzaileen kontratuak kontrastatu dituzte, lan-baldintzak hobetzeko asmotan. Horrez gain, langileei formakuntzak eskaini dizkiete.