2022an Ekhilur jaio zenetik, indarra hartzen ari da kooperatiba. 626 dira egun dituen bazkideak, eta horietatik 36 saltokiak dira. Hala, hilabetero 10.000 salerosketa inguru egiten dira sistema honen bitartez.
“Eragin ekonomikoa du lurraldean, baina baita ere erosketa ohituretan”, azaldu du Patxi Ibarguren Merkataritza zinegotziak joan den astean egindako batzar irekian. Izan ere, erabiltzaileen %39k adierazi du orain gehiago erosten duela komertzio txikian.
Batzarrera hurbildu den merkatari baten esanetan, nabari du geroz eta jende gehiagok erabiltzen duela ekhi moneta. Urte osoko hobari kanpainaren bidez, erabiltzaileek deskontuak izaten dituzte moneta erabiliz gero.
Orain arte, hobariak udalak jarri ditu, baina aurten hobari kanpaina konbinatua jarri dute martxan. Horren bitartez, Ekhilurreko erabiltzaile diren merkatariei aukera eman zitzaien haiek hobarien zati bat bere gain har zezaten. Azkenean, saltokien %97k jarri zuen hobariren bat. “Dendariek ere sistema honen alde egiten dutenaren seinale da hori”, hala uste du Alex Lopez Ekhilurreko langileak.
Lopezek azaldu moduan, helburua zen alde guztiek egin zezaten bere ekarpena. Hala, Udalak hobarien bi heren jartzen jarraituko du, beste herena merkatarien esku geratuko da, eta erabiltzaileek Ekhilurreko bazkide egiteko aukera dute.
Bestetik, ekimena geroz eta dimentsio handiagoa hartzen ari denez, teknikoki ere garapena eskatzen du. Horregatik, plataforma berritzeko bidean ari dira.
Plataforma berriarekin lortu nahi dute, besteak beste, helbideratze aukerak ematea, eta, hala, hornitzaileak Ekhilur sistemaren barruan sartu ahalko lirateke. Horren helburua da zirkuitutik dirua atera behar ez izatea, eta horrela kostuak txikitzea.
Izan ere, ekhiak eurotara pasatzeak aldaketa, eta beraz, komisioak ekartzen ditu. Gaur gaurkoz, Hernaniko merkatariek ezin dute hornikuntza ekhietan ordaindu. Horregatik, hornitzaile orokorrak Ekhilurren sisteman integratuz gero, herriko komertzioek ez lukete komisiorik ordaindu beharko. Udala ere sisteman sartuz gero, udal tasak herriko monetarekin ordaindu ahalko lituzkete.
Horrez gain, Ekhilur Euskoa Euskal Monetarekin biltzen ari da, sistema bateratzeko eta noranzko berean lan egiteko helburuarekin.