Adimen artifizialaren eztandaren sasoian, inoiz baino garrantzitsuagoa da teknologia betaurreko kritikoz begiratzea. Teknologia modu burujabean kudeatzea beharrezkoa da euskarak ingurune digitalean aurrera egin dezan.
Aurtengo edizioaren izenburua “Artifiziala ez den teknologia” da. Urriaren 17an izango da, Donostiako San Telmo museoan.
Ziztu bizian, pentsatu gabe, aurrera garamatzan garapen teknologikoaren zurrunbiloan, gelditu, ingurura begiratu eta norantz goazen ikusi eta artifiziala den horren atzean pertsonak eta komunitateak balioan jarri nahi ditu Euskarabilduak. Inoiz baino garrantzitsuagoa da teknologia betaurreko kritikoz begiratzea eta erabiliko diren tresna informatikoei eta martxan jarriko diren digitalizazio prozesuei buruzko erabakiak pertsonen beharrak eta eskubideak lehenetsiz hartzea.
“Artifiziala ez den teknologia” lelopean, Euskarabildua jardunaldiak teknologiaren erabilera etikoagoa, iraunkorragoa eta bideragarriagoa aldarrikatzen dutenen ahotsak entzuteko aukera emango du urriaren 17an Donostiako San Telmo museoan. Dagoeneko ohikoa den bezala, Euskarabilduak kanpoko adituak bilduko ditu, baita bertako esperientzia praktikoak ere. esperientzia praktikoak entzuteko aukera emango du.
Besteak beste, Manuela Battaglini, datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatua; Marta Guerrero Franco, ‘Sareak gureak dira’ liburuaren egilea; Daniel Esteban, EducaMadrid, Madrileko Erkidegoko hezkuntza sisteman teknologia burujabetza sustatzen duen plataformako kidea; eta Belén Ivars, Softcatalà Interneten eta teknologia berrietan katalana sustatzen duen elkarteko kidea izango dira hizlari moduan.
Bertako esperientziei dagokionez, bi solasaldi izango dira, bata datu zentro lokalei buruzkoa eta bestea euskarazko ahots teknologiaren bilakaerari eta egungo egoerari buruzkoa, zeinak azpimarratu nahi duen Common Voice bezalako herri ekimenek bilakaera horretan izan dezaketen garrantzia.
Euskarabilduak, datuak gaur egungo ondasun preziatuena direla ulertarazi nahi du eta horien kudeaketa maila lokalean egin dadin esperientziak partekatuko ditu. Teknologiaren funtzionamendua zehazten duten arauak publikoak izan beharko luketela aldarrikatu nahi du eta hezkuntza bezalako esparruak erraldoi teknologiko handien interesetatik babestu behar direla, herritarron eskubideak eta herri bezala dugun kultura eta hizkuntza defendatu nahi baditugu.
Era berean teknologia modu burujabean kudeatzeak tokiko ekonomia indartzea dakarrela azpimarratu eta euskarak ingurune digitalean aurrera egin dezan burujabetza hau beharrezkoa dela erakutsi nahi du jardunaldiak.
Aurtengo edizioan ere, EITBk streaming bidez jardunaldia eskainiko du. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izen-ematea guztiz doakoa da; epea irekita dago jada eta www.euskarabildua.eus webgunearen bidez egin daiteke.