Urteko lehen Kontseilua: planifikazio prozesuari jarraipena

Orokorra

Urteko lehen Burujabetzen Kontseilua egin zuten Hernani Burujaberen baitako eragileek joan den astean; eremu ekonomikoa, administratiboa eta herritarra, hirurak elkartu ziren bertan. 2025eko ekintza-plana errepasatzeaz gain, planifikazio prozesua zertan den azaltzeko aprobetxatu zuten.

Herria planifikatzeko modu berri bat proposatzen du Hernani Burujabek eta prozesu horren baitan antolatzen dira hiru eremuetako eragileak. Hurrengo pausoa auzo eta elkarte batzarrak izango dira, martxo eta apirila bitartean egingo direnak. Auzo batzarretan, auzotarren beharrak jasoko dira eta denen artean erantzuna ematea da helburua. Bestetik, aurten lehen aldiz elkarteei ere elkartzeko deia egingo zaie, harremanak egiten hasteko eta elkarri eskaintzeko dutena partekatzeko.

Herritarrak eraldaketa ekosozialaren prozesuaren parte izatea da helburua eta, horretarako, parte hartzeko espazioak ireki nahi dira. Auzo batzarrez gain, era telematikoan iritzia emateko aukera eskainiko da Hernani Burujaberen webgunean.

Herritarren beharrak identifikatu ostean, batzar sektorial irekiak egingo dira behar horiei nola erantzun aztertzeko. Maiatzean izango dira batzarrok eta, hala, sektoreen ekintza-plana eta aurrekontuak denen artean lantzeko denbora izango da.

Hernani Burujaberen erabakigune nagusia da Kontseilua, eremu herritarra, administratiboa eta ekonomikoa biltzen dituelako. Datorren hitzordua urtearen erdialdera izango da.