Ze ondorio izango lituzkete instalazio eolikoek Urumeako mendietan?

Urumea bailarako herritarrak adi daude mendietan eraiki nahi dituzten instalakuntza eolikoen berriei. Gardentasun gutxiko proiektu hauen aurrean, informazio gosea sortu dute eolikoek. Horren adibide dira azkenaldian antolatu diren mahai inguruak, izan energia berriztagarrien edota desazkundearen inguruan. Eztabaida honen bueltan, beste erpin garrantzitsu bat da bioaniztasunarena, instalazio eolikoek ezinbestean honetan eragina dutelako. Eolikoen aurreproiektuok kontuan hartzen al dituzte Urumea bailarako natura-aberastasunean izango diren ondorioak?

Kezka horren harira, Bidea herritar taldeak, Enherkom energia komunitateak, Sagarreta natur taldeak eta Urumea Bizirik herri ekimenak irteera antolatu zuten maiatzaren 25ean, eolikoak aurreikusten diren eremura bertara. 70 bat herritar bildu ziren Pagoagan igande goizean, mendi-buelta egiteko prest. Pagoagako errotatik gora abiatu eta Garagartza aldera jo zuten bertaratutakoek. Lau ordu inguruko ibilaldian, Sagarreta eremua inguratu zuten eta paisaiak jasango lituzkeen aldaketen azalpena eman zen, proiektuen inguruan informazio gutxi baitago.

Sagarretako lagunek azaldu zuten instalazioek bailarako erreketan kalte handiak eragingo lituzketela. Izan ere, bioaniztasun aberastasun handia daukate, bertan bizi baitira hainbat espezie mehatxatu eta jatorri paleotropikala duten landareak. Gainera, kontutan izanik atzo bisitatu genuen eremua Aiako Harriko parke naturala eta Leitzarango bailararen arteko korridore naturala dela, eremua babestu beharko litzatekeela aipatu zuten.

Halaber, zalantzan jarri zuten instalazio eolikoek errespetatzen ote dituzten inguruko aireportuekiko bete beharreko araudiak.

Erroten zutabeen eta oinarrien tamaina ezagututa, errazagoa izan zen irudia egitea. Hernaniko kaxkotik ez lirateke ikusiko, bai ordea Donostiatik, eta zeresanik ez Aranotik, parez pare izango lituzkete-eta.

Irteera antolatu duten lau eragileak herritarrak informatzeko konpromisoarekin jarraituko dute.