Etxebizitza Behatokiak datorren astelehenean irekiko ditu ateak, maizter eta etxejabeentzako zerbitzuak eskainiz Hernaniko etxebizitza egoeran eragiteko

Etxebizitza

OSTIRALEAN AURKEZPEN IREKIA IZANGO DA ETA BURUJABETZEN ETXEAN EGONGO DA KOKATUA; ETXEGURAREN BIDEZ EGINGO DA HARRERA

Hernaniko Udalak Etxebizitza Behatokia aurkeztu du gaur, urtarrilaren 19tik aurrera zabalik egongo den zerbitzu berria. Etxebizitzaren gaiaren inguruko kontsultak bideratu, aholkularitza eskaini eta etxebizitzaren arloko azterketak egiteko zerbitzua eskainiko du. 

Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “Hernanik Bizitegi Merkatuan Tentsio Handiko Eremu izendapena jaso du; izendapen honek agerian uzten du gure herrian etxebizitzaren arloan bizi dugun egoera larri eta konplexua”. Hori dela eta, “Etxebizitza Behatokiaren helburu nagusia gure herrian etxebizitza eskubidea sustatu eta bermatzen laguntzea, eta etxe hutsen mobilizazioa bultzatzea izango dira”.

Udalak eta Hernani Burujaberen baitako Etxegura elkarteak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, Etxegura izango da Etxebizitza Behatokiko harreraz arduratuko dena. Iraitz Apeztegia izango da herritarrak artatuko dituen pertsona. 

Zerbitzu berria Burujabetzen Etxean (Florida, 28) egongo da, beheko solairuan. Astelehenetan 10:00etatik 13:00etara eta, asteazkenetan 15:00etatik 18:00etara eskainiko du aurrez aurreko zerbitzua. “Maizter zein etxejabeentzako zerbitzua izango da”, zehaztu du Atorrasagastik. 

Ostiralean, Behatokiaren aurkezpen irekia  

Datorren ostiralean, urtarrilak 16, Etxebizitza Behatokiaren aurkezpen publikoa egingo da, Burujabetzen Etxean bertan (18:00). “Interesatua dagoen edozein herritar eta eragile dago gonbidatua”, esan du Iraitz Apeztegiak. “Lehenengo, zerbitzuaren aurkezpen formala egingo dugu eta ondoren, modu informalagoan, mokadu bat”. 

Etxebizitza Behatokia “zerbitzu publiko-komunitarioa” dela azpimarratu dute Udalak eta Etxegurak. “Herriko etxebizitzaren egoeraren irudi orokor bat osatzeko ezinbestekoa tresna izatea da Etxebizitza Behatokiaren helburua”, azaldu du Apeztegiak. “Udalaren eta eragile sozialen artean kokatua egoteak, biak elikatuko ditu”.

Etxebizitza hutsak mobilizatzea, Udalaren erronka nagusia

Hernanin dauden etxebizitza hutsak mobilizatzea izango da epe motzean etxebizita arloan Hernaniko Udalak eta Etxebizitza Behatokiak izango duten erronketako bat. Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “700 etxebizitza baino gehiago daude erabilerarik gabe Hernanin”.

Etxebizitza Behatokiak, arlo horretan, etxe hutsen jabeekin zuzeneko harremana sustatuko du, eta alokairu sozialaren inguruan dauden programen berri emateaz arduratuko da. “Hernanin etxebizitzaren bat hutsik duen oro artatzeko ere izango da Behatokia. Herritarren kezka eta beharrei erreparatuz, etxebizitza alokatzeaz arduratzen diren programen inguruko informazioa eskainiko da eta bitartekaritza zerbitzua ere emango da”, esan du Apeztegiak.

Datozen egunetan, etxebizitza hutsen jabeekin harremanetan jarriko da Udala gutun bidez, otsailaren 12an, Etxebizitza Behatokia  aurkezteko eta alokairu programei buruzko informazioa partekatzeko bilera informatibora gonbidatzeko.

ETXEBIZITZA BEHATOKIAREN KONTAKTUA:

Ordutegia: 

Astelehenak: 10:00-13:00

Asteazkenak: 15:00-18:00

Helbidea: Florida, 28

Emaila: behatokia@hernaniburujabe.eus

Telefonoa: 943 337 019