Ekintzailetza

Hernaniko sektore bakoitzeko balio kateak osatu eta sektoreak elkarren artean, eta lurraldearen baitan, artikulatzeko egitura ekonomikoa sortzea beharrezkoa da. Besteak beste, sektore ekonomiko bakoitzeko balio-katean (lehengaiak, diseinua, ekoizpena, banaketa eta salmenta) dauden hutsuneak zehaztu eta haiek betetzeko beharrezko neurri eta egitura ekonomiko berriak sortzen ahalegintzea da asmoa.

Hainbat baliabide jarri dira horretarako. Batetik, Iturola elkarlantokia. Hori da ekimen ekonomiko berriak sortu, finkatu eta egonkortzeko baliabidea. Ekintzaileek Iturolako espazio eta baliabideak erabiltzearen truke, hilean sei ordu eskainiko dituzte proiektu ekonomiko berriak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileak formatzeko, eta euren enpresa martxan jarri bitartean, behar duten laguntza eta aholkularitza bermatzeko.
Horrekin batera, Hernaniko ehun enpresarialarekin batera trantsizio ekosoziala sustatzeko ekimen, proiektu eta prozesuak bultzatu nahi dira eredu iraunkorrago, parte-hartzaileago, parekideago eta erantzunkideago bat garatzeko. Helburu horrekin, Hernaniko Trantsizio Ekosozialerako Enpresen Foro Iraunkorra sortuko da.

Hernani Burujaberen ekintzailetza programaren baitan, bi zerbitzu garatzen ari dira: Batetik, Burujabetuz-ek ekintzailetza kooperatiboko formakuntzak eskaintzen ditu Iturolan; bestetik, Koopfabrika Hegoaldetik ekimenak (Enarak Kooperatibekin, HUHEZI-Lankirekin eta Olatukoopekin elkarlanean) zerbitzua eskaintzen die pertsona migratuei, euren lana eta bizitza proiektua hobetzeko. Azken proiektu hori martxan jarri aurreko azken urratsak egiten ari da.